Gobierno Vasco

Aurkezpena eta Historia


 

MIGUEL ALTUNA LHII 1928ko ekainaren 22an sortu zen"Oinarrizko Lanbide eta Ehungintza Eskola" izena zuelarik. Aurretik lan mundurako prestatzen zituen beste 2 eskola egon ziren.  

  • Bergarako Industria Eskola (1850-1860).
  • Arte eta Lanbide Eskola (1903-1928).

Bi eskola hauek "Elementaleko" sorrera prestatu zuten eta 1928an Lanbide Heziketaren Estatutuak bultzada eman zion. Elementala Errege seminarioan kokatu zen. Egunez eta gauez ematen ziren eskolak, bi titulu atera zitezkeelarik: Industria Ofizialtza eta Industria Maisutza. eta gerra zibilaren garaira arte (1936) kokapen horretan eskolak ematen jarraitu zuen.

 

Gerrako parentesia amaitu ondoren, berriro 1944ko urriaren 16an ateak ireki zituen. Jose Mª Aguirre Unión Cerrajerako zuzendaria, Eskolako zuzendaria izendatu zuten eta idazkaria Miguel Altuna, apaiza. J.M.Aguirrek Madrilen zuen eragina oso garrantzitsua izan zen eskolarentzat; izan ere bere eraginari esker Eskola Elementala finkatu eta sendotu egin zen.

Miguel Altuna, ordea, erlijio eskolak emanez aparte, eguneroko funtzionamenduaz arduratzen zen eta urteek aurrera eginaz bat, Miguel Altuna bilakatu zen Lanbide Eskolaren historiako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa. Garai horretan eskolak Unión Cerrajerarekin zituen harremanak oso estuak ziren eta bertako langileek etortzen ziren matematika, teknologia, marrazketa eta tailer eskolak ematera.

1955eko legearekin "Bergarako Industria Maisutza Eskola" izatera igaro zen. Izena bakarrik ez zen aldatu Elementalean; ikasketa plan berri bat jarri zuten abian eta urtebete luzatu zuten ikasketa iraupena. Aurreneko hiru urteetan Industria Ofizialtza egiteko aukera zuten ikasleek eta beste bi urteetan Industria Maisutza. Bi tituluak lortzeko errebalida azterketa bat egin beharra zegoen, hiru egunekoa.

Alde batetik Lanbide Heziketak izandako arrakastak eta beste aldetik bost urteko ikasketa plan berria ezarri izanak eragina izan zuten ikasleen gorakadan eta horrek ekarri zuen beste eraikin baten beharra. Eraikin berria eta aurrekoena zubi batez elkartuta agertzen ziren eta 1965eko abenduan egin zuten inaugurazio ofiziala..

1970an Hezkuntzaren Lege orokorra onartu zen, eta nola ez, Lanbide Heziketak igarri zituen lege berriaren aplikazioaren ondorioak. Programak eta tituluak aldatu egin ziren, desagertu egin ziren Industria Ofizialtza eta Industria Maisutza ikasketak, eta horien ordez ezarri ziren Lehenengo Gradua, bi urteko iraupena zuena (LH-I) eta Bigarren Gradua, hiru urtekoa (LH-II). Gainera Elementalari beste izen bat jarri zioten. "Lanbide Heziketako Ikastetxe Nazionala". Zerbitzuen sektorea 1972an iritsi zen Elementalera. Izan ere, Administraritza ikasketak eskaintzen hasi zen urte hartan eta 3 urte geroago Delineazioa. Ordura arte soilik gizonezkoen Eskola izan zena emakumeena ere bilakatu zen.

1981an On Miguel Altunak Elementala utzi behar izan zuen Donostiako Artzain Onaren elizaren ardura hartu zuelako eta eskolak bere izena hartu zuen 1990an orduko legeak bultzaturik LOGSE Batxilergoa Humanistiko eta Teknologikoa ezarriz.

1996ko martxoan REMeko ikasleak kokatzeko Miguel Altuna II eraikuntza inauguratu zen Iñaxio Oliveri Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza sailburua zela. Handik urte batera Ipintza Institutuarekin bateratu zen Bergarako ikastetxe publikoak hezkuntza eskaintza integrala eskainiz. Dena den institutuek ez zuten epe luzea egin elkarrekin. Izan ere 1998an Goi Mailako Berariazko Lanbide Heziketako Institutua bilakatu zen Miguel Altuna: Zikloak, Etengabeko eta Hastapeneko Formakuntza emanez.

Larogeitahamar garren hamarkadan Ikastetxeak kalitatearen aldeko apustua egin zuen EFQM eredua ezarriz eta ISO 9000 ziurtagiria lortuz. Bide honetatik jarraituz 2005eko apirilean Investors in People zertifikatua lortu du. Euskal Herriko Lanbide Heziketarentzat lorpen handia izan da; izan ere ziurtagiri biak beste 4 ikastetxeekin batera lortu duten Estatuko aurreneko eskolak dira.

Egun Hasierako Formakuntzan erdi mailako eta goi mailako zikloak, Eskaintza Partziala, Sarrera Froga eta Graduondokoa eskaintzen ditu Fabrikazio Mekanikoa, Elektrizitatea, Instalazioa eta Mantenimendua, eta Administraritza familietan. Baita ere Lanerako Formazioan langileei eta langabetuei zuzendurik.

© maltuna
Telefonoa: 943762491 | Telefonoa: 943763840 | Fax: 943763841 | imaltuna@saremail.com